Athleticek bere 25. Errege Kopa irabazteko asmoarekin joango da datorren apirilaren 6an Sevillara. Eta derioztarrek Mallorcaren aurkako Errege Kopako final historiko honetaz gozatzeko, Udalak arratsalde borobila prestatu du. Pantaila erraldoi bat ipiniko da Sollube Kalean (euria egiten badu, frontoiaren ondoko pista estalietata mugituko da) 22:00etatik aurrera norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izateko.
Era berean, 20:00etatik aurrera, musikak eta hainbat bideo historikok partidaren atarikoa girotuko dute, talde zurigorriaren gol historikoak proiektatuko dira eta Jose Iragorri bezalako pertsonaia mitikoak izango dira protagonista, besteak beste.
Horrez gain, gogoratu beharra dago Udalak balkoiak apaintzeko lehiaketa bat ere antolatu duela, udalerria zurigorriz tindatuko duena. Beraien leihoak edo balkoiak apaindu eta argazkia, apirilaren 5a baino lehen #JantziDerio traolarekin (facebook, instagram edo twitterren) saretzen duten erabiltzaileen artean bi sari eder hauek zozketatuko dira:
- “Txopo” Iribarrek sinatutako futboleko bota pare bat
- Athleticeko bere jokalari gogokoenaren kamiseta ofizial bat.